Tendinopatia bat tratatzeko modua: Mina arintzeko eta sendatzeko gida osoa

Tendinopatiak eragindako mina ez da desagertzen? Irakurri jarraian mina arintzeko, zure tendoiak indartzeko eta eragozpenik gabe zure jardueretara itzultzeko funtsezko urratsak.

2 min irakurri

Zer egin tendinopatia diagnostikatu badizute?

Erein Fisioterapian ulertzen dugu zeinen frustragarria izan daiteken tendinopatiaren diagnostiko bat jasotzea. Agian medikuarengana joan zara, hanturaren aurkako medikazioa eman dizute eta atsedena gomendatu dizute, baina jarduerara itzultzen saiatzen zaren bakoitzean, mina bueltatu egiten da. Horrek etsipena eta egoeraren kudeaketaren inguruko zalantzak sor ditzake. Horregatik, urratsez urrats gidatu nahi zaitugu, zure lesioa hobeto ulertu eta modu seguru eta eraginkorrean sendatzeko zer egin behar duzun jakin dezazun.

Minaren Garrantzia: Zure Gida Errekuperazioan

Hasi aurretik, honako hau jakin behar duzu, berebiziko garrantzia izango baitu lesio hau gainditu eta zure egunerokora itzultzeko.

Mina funtsezko adierazlea da tendinopatien sendatze prozesuan. Kontua ez da edozein ondoez saihestea, baizik eta gainkarga edo lesioa adierazten duen mina identifikatzen ikastea. Errehabilitazioan, normala da nolabaiteko deserosotasuna sentitzea, bereziki indartze-ariketak egitean. Hala ere, ariketa egin ondorengo min handia edo iraunkorra ohartarazpen-seinale bat da. Mina gidari gisa erabiltzeak ariketen intentsitatea doitzen lagunduko dizu, eta errekuperazioaren zein fasetan zauden jakingo duzu. Zure gorputzari entzutea eta muga horiek errespetatzea funtsezkoa da osatze eraginkor eta segururako.



1go Fasea: minaren eta hanturaren kontrola (1-2 asteak)

  • Atseden aktiboa: Mina larriagotzen duten jarduerak saihestu, baina mantendu kaltetutako eremua aktibo, mugimendu lasaiak eginez, zurruntasuna ekiditeko.

  • Izotza: Hantura mingarria bada, oihal batean bildutako izotz poltsa bat jarri 15-20 minutuz, egunean 3-4 aldiz. 

  • Medikazioa: antiinflamatorioak har ditzazkezu, hala ere, hantura oso handia ez bada saihestu ahal badituzu hobe. Hantura prozesu fisiologiko bat da, eta ehunak birsortzea du helburu. Hortaz, haren ekintza beharrezkoa da sendatzeko. AIEEek (antiinflamatorio ez-esteroideek) hantura gutxitzen dute, eta lesioaren errekuperazioa atzeratzen dute. ARGI ! gehiegizko hantura kontraproduzentea izan daiteke sendatze prozesuan. AIEEak hartu edo ez erabaki pertsonalizatua izan behar du beti eta profesional batek gainbegiratu behar du. 

2. Fasea: Errehabilitazio Aktiboaren Hasiera (3-4 asteak)

  • Ariketa isometrikoak: Ariketa hauek, artikulazioa mugitu gabe, giharra uzkurtzean datza. Kontrakzioari 5-10 segundoz eutsi eta egunean bi aldiz, 10 errepikapeneko 3 serie egin.

  • Luzaketa lasaiak: Tendinopatiari lotutako muskulatura behartu gabe luzatu. Luzapen bakoitza 20-30 segundoz mantendu.

  • Bero-terapia: Ariketak egin aurretik ehunak prestatzeko eta elastikotasuna hobetzeko beroa jar dezakezu.

3. Fasea: Indarketa eta karga kontrola (5-6 asteak)

  • Ariketa eszentrikoak: Esaterako, Akiles tendoiko tendinopatia batean:

    • Bi oin puntetan jarri.

    • Kaltetutako oina bakarrik erabiliz poliki jaisten joan.

    • 10-15 errepikapeneko 3 serie egin, egunean behin.

  • Progresio mailakatua: Karga eta ariketen intentsitatea poliki-poliki handitzen joan beharko duzu, minarekiko duzun tolerantziaren arabera.



4. Fasea: Jarduerara itzultzea (7. astetik aurrera)

  • Entrenamendu funtzionala: Gehitu zure egunerokotasunarekin edo ohiko kirolarekin lotutako jarduera espezifikoak, betiere progresio kontrolatuarekin.

  • Prebentzioa eta mantentze-lanak: Indarketa eta luzaketa ariketak egin. Mugimendu errepikakorrak edo bat-bateko gainkargak saihestu.

  • Kontsulta profesionala: Minak jarraitzen badu edo errekuperazioa motela bada, jo fisioterapeuta batengana balorazio pertsonalizatua egiteko.

Gogoratu tendinopatia bat osatzeko denbora, konstantzia eta gida egokia behar direla. Zaindu zure tendoiak minik gabe mugi zaitezen!