Aldakaren mugikortasunaren garrantzia haudunaldian eta erditzean
2 min irakurri
Haurdunaldiaren hasieratik, emakumeak gero eta aldaketa hormonal eta fisiko nabarmenagoak jasaten ditu.
Besteak beste, gorputzaren pisuaren igoera, grabitate-zentroaren aurreratzea eta aldaketa hormonalak. Aldaketa hauetako bat relaxinaren igoera da eta artikulazioen ezegonkortasuna sor dezake. Azken kasu honetan, adibidez, egonkortasun eta indar ariketak egitea funtsezkoa izango da sintomak hobetzeko.
Horregatik (eta amarentzat zein haurrarentzat dituen beste onurengatik) haurdunaldian ariketa fisikoa egitea gomendatzen da. Errutina horien barruan garrantzitsua izango da aldakako mugikortasuna lantzea.
Gaur egun daramagun bizimodu sedentarioa dela eta, aldakako mugikortasuna mugatu egin daiteke eta zurruntasun horrek ondoeza sor dezake aldaka, pubis eta bizkarrean. Hori dela eta, mugikortasun hori lantzea interesgarria izango da min horiek saihesteko eta arintzeko.
Erditzean, mugimenduak berak uzkurduren mina hobeto kudeatzen lagunduko digu. Gainera, pelbis libre eta mugikor batek, haurra erditze kanaletik igarotzea erraztuko du. Kanal honek pelbisaren diametro desberdinak barne hartzen ditu, pelbisaren artikulazioei eta testuinguru hormonalari esker ireki egiten direnak. Sakroa ere mugitu egiten da, haurraren jaitsiera erraztuz, beraz, sakroa libre dagoen posizioak eta mugimenduak bilatzea ere onuragarria izango da.
Honek ez du esan nahi erditzean egin beharreko ariketak buruz ikasi behar ditugunik, norberaren gorputza izango baita nola mugitu esango diguna. Hala ere, aldez aurretik zure gorputzarekin lotura hori lantzea oso lagungarria izan daiteke.
Epidurala erabiltzearen kasuan mugimendua mugatua egon daiteke. Egoeran horretan, emaginek posizio aldaketak edo zenbait mugimendu gidatu proposatuko dizkizute haurraren jaitsiera sustatzen jarraitzeko.
Beste batzuetan, mugitzeari uzten ez diozun arren, kontrolatu ezin dituzun faktoreen ondorioz, haurra ez da pelbisean guztiz sartzen eta/edo dilatazioak ez du aurrera jarraitzen. Hau gertatzen denean zesarea bat esku-hartzerik onena bihurtzen da. Zure haurtxoak jaiotzeko modurik onena hau dela erabaki du eta hor zaude zu prozesu horretan akonpainatzeko.
Laburbilduz, aldakako mugikortasunari arreta jartzea oso garrantzitsua da haurdunaldian zein erditzean. Haurdunaldiko hilabeteetan, mina saihesten edo arintzen lagunduko digu eta erditzera aldaka mugikortasun hobearekin iristeko aukera emango digu, erosoago sentituz. Gainera, erditzean uzkurdurek eragindako mina hobeto kudeatzen lagunduko digu. Hala ere, gorputz eta jaiotza bakoitza desberdinak dira eta dena ez da kontrola daitekeen zerbait. Inguratu konfiantza transmititzen dizuten osasun-profesionalez eta, batez ere, zure buruan eta zure haurrarengan sinetsi.





